Elkarrekin Eraikitzen 2017-18 proiektuaren amaierako ekitaldia ospatu zen Ekainak 19, asteartea, Azkoitiko Ekargunean. Ekitaldia, goizeko 10.30etan hasi eta 13.30etan amaitu zen eta eskualdeko ikastetxe, udal nahiz eragileen ordezkariak izan ziren bertan. Eskualdeko udal ordezkariak arduratu ziren ekitaldia agurtu eta hasiera emateaz.

Ekitaldia, bi fase nagusitan egituratu zen. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak aurkeztu dituzte. Besteak beste, “Enpresa berrien sorrera”, “Eskualdeko osasun zentroa”, “Salmenta lanak industrian” edota “Merkataritza txikia eskualdean” erronkak aurkeztu zituzten ikasleek.

Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin da. Bertan, proiektuaren garapenean bizitako esperientziak elkartrukatu eta prozesuaren ebaluazioa egin zen. Mahainguruan zehar, proiektuak ikasleei eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutzea ahalbideratzen diela azpimarratzeaz gain, eskualdeko eragile ezberdinekin harremanak izatea balioan jarri zen. Era berean, balioan jarri zen eskualdeko eragile ezberdinak elkarrekin lanean jardutearen garrantzia eta datozen hilabeteetan harremanak saretzen jarraitzearen garrantzia aipatu zen.

Oro har, Elkarrekin Eraikitzen 2017/18 ikasturtean, eskualdeko 5 ikastetxe, 9 irakasle eta 180 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Horiez gain, prozesuan zehar, ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragiletik gora hartu dute parte.

Amaitu da beraz Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren 5. edizioa. Datorren ikasturtean ikusiko dugu elkar!