Urola Azpeitia ikastetxea

Erronkak / Urola Azpeitia ikastetxea

1. Erronka: Ekoizpena industrian (A Lan Taldea)

Erlo Group enpresa, 1.961ean sortu zen familia enpresa da eta Azkoitian du bere egoitza. Gaur egun 40 lagun inguruk egiten du bertan lan eta Iraite Iriarte da enpresaren finantza arduraduna.

Enpresak, bere bezeroek eskatutako ezaugarriak dituzten makinak ekoizten ditu. Ondoren, hauek, hainbat sektoretan erabiltzen dira, besteak beste, makina-herramienta edota haize energia arloan. Pieza mota ezberdinak ekoitzi ahal izateko, makineria konplexua du bere egoitzan.

Egun, estatuan nahiz atzerrian saltzen ditu bere makinak. Azken asteetan, bezero berri bat lortu du enpresak eta orain arte landu ez dituen piezak ekoizteari ekingo dio datozen asteetan.

Hau dela eta, arduradunak, enpresan makina bat ekoizteko ematen dituzten pausoak identifikatu eta aztertu nahi ditu. Behin hauek identifikatuta, pieza ezberdinen ekoizpenean beharko dituen baliabideak eta lan taldea identifikatu nahi ditu.

1. Erronka: Ekoizpena industrian (B Lan Taldea)

Talleres Arrieta S.A. enpresa 1.962an sortu zen familia enpresa da eta Azkoitian du bere egoitza. Gaur egun 20 lagun inguruk egiten du bertan lan eta Ruben Arrieta da enpresaren zuzendaritzaz arduratzen den persona.

Enpresak, bere bezeroek eskatutako neurri eta tamainako piezak ekoizten ditu ezaugarri ezberdineko metalak lehengai hartuta. Ondoren, hauek, hainbat sektoretan erabiltzen dira, besteak beste, makina-herramienta edota haize energia arloan. Pieza mota ezberdinak ekoitzi ahal izateko, makineria konplexua du bere egoitzan.

Egun, eskualdeko enpresa handienen hornitzailea da enpresa eta hainbat bezero ditu. Azken asteetan, bezero berri bat lortu du enpresak eta orain arte landu ez dituen piezak ekoizteari ekingo dio datozen asteetan.

Hau dela eta, arduradunak, enpresan pieza bat ekoizteko ematen dituzten pausoak identifikatu eta aztertu nahi ditu. Behin hauek identifikatuta, pieza ezberdinen ekoizpenean beharko dituen baliabideak eta lan taldea identifikatu nahi ditu.

2. Erroka: Makinen diseinua eta berrikuntza (A+B Lan Taldea)

Juaristi Mahine Tools S.L., makinak ekoizten dituen enpresa da eta Azkoitian du bere egoitza nagusia. 1941ean sortu zen enpresa eta gaur egun gutxi gora behera 100 langile inguruk osatzen du lan taldea. Enpresa ezaguna da bere makinetan berrikuntzak egiteko duen gaitasunagatik eta ospe ona du bere bezeroen artean.

Makinen berrikuntza eta garapenera bideratzen den lan talde sendoa du enpresak. Lan talde hau, gaur egun bezeroak dituen behar eta nahietara egokitu eta produktu erakargarriak sortzen saiatzen da.

Azken urteetan, enpresak berrikuntza ugari egin du bere produktuetan. Besteak beste, makinetan goi mailako teknologia nahiz diseinu berritzaileak aplikatu ditu. Gainera, enpresa gai da bezeroak dituen nahien arabera makinak diseinatu eta ekoizteko.

Mireia Romarate, diseinu eta berrikuntza arduradunak, enpresan makina berriak diseinatu eta ekoizteko jarraitzen dituzten pausoak ezagutu eta hobetu nahi ditu. Era berean, produktuen diseinuan parte hartzen duen lan taldea eta erabiltzen diren tresnak ezagutu nahi dira. Bestalde, behin produktua diseinatuta, ekoizteko jarraitzen diren pausoak ezagutu nahi dira.

3. Erronka: Ostatu baten sorrera (A+B Lan Taldea)

Miren eta Jokin, 28 eta 26 urteko eskualdeko bi gazte dira. Miren, Azkoitiarra da eta azken 4 urteak Zarautzeko ostatu txiki baten aritu da administraritza lanetan. Besteak beste bezeroen arretan nahiz erreserbak kudeatzen egin du lan eta zeregin ezberdinetan esperientzia handia bereganatu du.

Jokin, aldiz, Azpeitiarra da eta azken 3 urteetan Madrilen ospe handia duen hotel baten aritu da lanean. Marketing eta promozio ekintzen arduraduna izan da eta jakintza handia bereganatu du arlo honetan.

Gauzak honela, turismo arloan bereganatu duten jakintza eta esperientzian oinarrituta, Urola Erdian ostatu txiki bat irekitzeko aukera aztertzen hasi dira. Erabakia hartu baino lehen gaur egun eskualdean turismo jarduerak bizi duen egoera ezagutu eta ostatu bat irekitzeko eman behar dituzten pausoak ezagutu nahi dituzte.

Mirenek eta Jokinek azterketa burutu ahal izateko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentziak” enpresa berriei euren sorreran laguntzeko duten zerbitzura jo dute eta Alazne Larrañagarekin hitzordua itxi dute.

Bestalde, eskualdean, dagoeneko abian dauden ostatu ezberdinen esperientzia ezagutu nahi da. Honetarako, eskualdeko ostatu ezberdinak ezagutu nahiz hauen informazioa bildu da.

4. Erronka: Pertsonen kudeaketa industrian (A+B Lan Taldea)

1976an eskualdeko hainbat enpresariren eskutik sortu zen Domusa Teknik, eta orduz geroztik klimatizaziorako produktuak diseinatu, ekoiztu eta saldu ditu. Bere sorreratik kalitate handiko gailuak ekoitzi ditu eta ospe ona du bere bezeroen artean. Gaur egun, Errezilen du bere egoitza nagusia eta 180 langile inguruk osatzen du lan taldea.

Bere sorreratik kalitate handiko gailuak ekoitzi ditu enpresak eta produktuen eskaintza zabala du gaur egun. Oro har, ekoizten dituen gailuen teknologia maila altua da eta hauen ekoizpenerako konplexutasun handiko makinaria erabiltzen da.

Etorkizunari begira, enpresak igurikapen onak ditu eta bere produktuen salmenta kopurua handitzea aurreikusten da. Gainera, salmenten gehiengoa atzerrian saltzea aurreikusten da.

Datozen urteetan espero diren salmentei aurre egin ahal izateko, enpresaren lan taldea indartu eta kide berriak sartzea beharrezko ikusi da. Gauzak honela, enpresa osatzen duten lan talde ezberdinak kide berriekin indartzeko beharra hauteman da.

Ondorioz, ezaugarri ezberdinak dituzten langile berriak behar ditu enpresak. Maria Dominguez arduradunak, dagokion lan taldeekin batera, hautagaiei eskatuko zaizkien gutxieneko ezagutzak eta gaitasunak identifikatzeari ekin dio. Besteak beste, hauek izan beharreko ikasketak, hizkuntzak eta gaitasunak identifikatzeari ekin dio.

Langileen hautaketa egokia izan dadin, hautagaiak aurkitu eta lan elkarrizketak deitu nahi ditu arduradunak.

5. Erronka: Merkataritza txikia eskualdean (A+B Lan Taldea)

Mikel eta Ana senar-emazteek arropa denda bat dute Azpeitian. Denda ezaguna da eskualdean bere arropak duen kalitateagatik eta azken urteotan lan ugari egin dute jantzi ezberdinen salmentan. Gainera, dendaren irekieratik hona bizpahiru lanpostu berri sortu dira dendan.

Dena den, azken urteotan, arropa salmenta nabarmen moteldu da. Egoera hau eragin duten faktoreen artean, eros ohituretan eman diren aldaketak aipa daitezke. Batetik, azalera handiko salmenta guneen presentzia eta bestetik berriz, internet bidezko salerosketan eman den hazkundea. Faktore hauek, eskualdeko merkataritza jardueran eta hainbat saltokiren itxieran nabarmen eragin dutela uste da.

Ondorioz, gaur egun dendaren egoera ekonomikoa ez da ona eta lanpostuak bermatzeko ezinbestekoa da salmentak suspertzea. Hau dela eta, senar-emazteek, arropa dendaren jarduera ekonomikoa hobetu asmoz, eta salmentak suspertzeko ekintza plana landu nahi dute.

Honeterako, azken urteetan eman diren aldaketak ezagutu eta egun sektoreak bizi duen egoera gertutik ezagutzeko, “Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko” teknikari den Xabier Aldalurrekin egin dute hitzordua.

6. Erronka: Eskualdeko osasun zentrua (A+B Lan Taldea)

Joseba, DBH3 ikasten ari den 16 urteko Azpeitiarra da. Datorren urtera begira, ikastetxean landuko dituen ikasgai zehatzak hautatu beharrean aurkitzen da eta ondorioz etorkizunean zein ogibidetan lan egin nahi duen pentsatzen hasi da.

Gaur egun, ikasgaien hautaketak zalantza ugari sortzen dizkion arren, eroso sentitzen da ingurukoei laguntzen eta beraz begiz jota du osasun sektorea. Gainera, bere izeba Maite medikua da Azpeitiko osasun zentroan eta oso gustuko du bere izebaren egitekoa. Goiz bat edo beste ere igaro du izebaren kontsultan bere zereginetan laguntzen.

Dena den, behin erabakia hartzeko unea iritsita, herriko osasun zentroaren inguruko informazio gutxiegi duela deritzo eta hau aztertzea erabaki du. Bere izebaren bitartez, Ana Errasti, herriko osasun zentroko arduradunarekin jarri da harremanetan.

Besteak beste, herriko osasun zentroaren zeregin eta sail nagusiak ezagutzeaz gain, bertan dauden ogibide ezberdinak ezagutu nahi ditu. Bestalde, ogibide ezberdinetan lan egin ahal izateko beharrezko diren ikasketak eta gaitasunak aztertzeari ekin dio.

7. Erronka: Gizarte zerbitzuak (A+B Lan Taldea)

Mikel 18 urteko mutil azpeitiarra da eta dena ondo bidean datorren ekainean amaituko du ikasten ari den erdi mailako zikloa. Ikasle fina da eta txikitatik osasun arloko ogibideak gustuko izan dituenez osasun arloan lan egitearekin egiten du amets. Behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituta, “Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta” erdi mailako zikloa ikasteari ekin zion.

Oso gustuko du ingurukoei laguntzea eta horren adibide da etxean bizi duen aitonarekin duen harremana. Aitonak, duen adina tarteko, laguntza behar du egunez zein gauez eta udaleko zerbitzu sozialen sailak eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen erabiltzailea da.

Dena den, aitonak zenbait zaintza zerbitzu jaso arren, Mikelek gustoko du aitonari bere beharretan lagundu eta batez ere berekin kontu kontari aritzea. Aitonarentzat, babes handia da biloba bere egunerokoan.

Gauzak honela, bere ikasketak amaitzear dituen honetan, eskualdean, gizarte zerbitzuen arloan izan ditzaken lan aukera ezberdinak aztertzeari ekin dio. Udaletxera jo du gizarte zerbitzuen arduraduna den Edurne Zubiarengana, eskualdean herritarren arreta eta zaintzara bideratzen diren zerbitzu eta lanpostu ezberdinak ezagutzera.

8. Erronka: Lehen sektorea ezagutzen (A+B Lan Taldea)

Inazio eta Amaia, aita-alabak dira eta Azpeitian bizi dira euren baserrian. Inaziok 30 urte inguru daramatza bere baserrian lanean eta Amaiak aldiz, bere zaletasunei jarraituz, nekazaritza ikasketak amaitu berritan aitarekin batera baserrian lanean hastekotan da.

Aita-alabek barazki ezberdinak ekoizten dituzten bi baratza handi dituzte baina euren jarduera batez ere tomatearen ekoizpenera zuzentzen dute. Inazio eta Amaiak ekoizten duten tomate kopuruaren zati handi bat hipermerkatu kateetan saltzen dute. Hipermerkatu kateak arduratzen dira tomatea baserrian jaso eta ondoren dituzten salmenta guneetan hauek kokatu eta saltzeaz. Aldiz, hipermerkatuetan saltzen ez duten tomatea, eskualdeko azoka ezberdinetan saltzen saiatzen dira.

Nahiz eta biek euren ogibidea oso gustuko duten, urtez-urte ustiategiaren bideragarritasuna nabarmen zaildu da eta kostuei aurre egiteko arazoak dituzte. Batetik, tomatea ekoizteko behar diren lehengaien prezioen garestitzea eta bestetik berriz, azalera handiko merkatalguneek tomatearen prezioa jaisteko egindako presioa dela eta nabarmen jaitsi dira aita-alaben irabaziak. Era berean, azken urteetan kontsumitzaileen eros ohiturak aldatzen joan dira eta eskualdeko azoketara ez da hainbeste herritar hurbiltzen.

Egoera honen aurrean, aita-alabek, gaur egungo egoera aztertu eta diru sarrerak handitzeko moduak aztertzen hasi dira. Eskualdean baserritarrei aholkularitza eskaintzen dien “Urkome Landa Garapen Elkarteko” Yurre Peñagarikanorekin hitzordua itxi dute aita alabek.

9. Erronka: Langabezia eta lan munduratzea (A+B Lan Taldea)

Janire 30 urte dituen neska Azpeitiarra da eta gaur egun bi alaba txikiren guraso da. Orain bi urte, azken urteotan altzarigintza sektorean eman den beherakada dela eta, lan egiten zuen altzari enpresa itxi ondoren langabezian gelditu zen eta gaurdaino ez du lan finkorik aurkitu.

Janire, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. maila gainditu ostean, 16 urterekin hasi zen altzari enpresan lanean eta gaurdaino ez du beste prestakuntzarik jaso. Azken urteetan, altzarien ekoizpen arloan egin du lan eta bere egiteko nagusia hauei barniza ematea izan da.

Azken hilabeteetan lana topatzen gogo handiz saiatu da eta hainbat lan elkarrizketa egin dituen arren, ez du lan finkorik aurkitu. Epealdi motzeko hainbat lanpostutan egin du lan, batez ere ostalaritzan.

Ondorioz, eskualdeko langabezia aztertzeari ekin dio. Batetik, Sexua, adina nahiz ikasketa maila moduko faktoreek langabezian duten eragina aztertu nahi ditu. Bestetik berriz, lanpostu bat lortzeko egin ditzazken pausoak ezagutu nahi ditu. Informazio hau eskuratzeko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentzian” lan egiten duen Sandra Fernandez enplegu teknikariarekin itxi du hitzordua.