Salestarrak floreaga ikastetxea

Erronkak / Salestarrak floreaga ikastetxea

1. Erronka: Ekoizpena industrian

Ekintza Lantegia S.A. enpresa 1.973an sortu zen familia enpresa da eta Azkoitian du bere egoitza. Gaur egun 10 pertsonak egiten dute bertan lan eta Aner Larrañaga da enpresaren zuzendaritzaz arduratzen den persona.

Enpresak, bere bezeroek eskatutako neurri eta tamainako piezak ekoizten ditu ezaugarri ezberdineko metalak lehengai hartuta. Ondoren, hauek, hainbat sektoretan erabiltzen dira, besteak beste, makina-herramienta edota haize energia arloan. Pieza mota ezberdinak ekoitzi ahal izateko, makineria konplexua du bere egoitzan.

Egun, eskualdeko enpresa handienen hornitzailea da enpresa eta hainbat bezero ditu. Azken asteetan, bezero berri bat lortu du enpresak eta orain arte landu ez dituen piezak ekoizteari ekingo dio.

Hau dela eta, Aner Larrañaga arduradunak, enpresan pieza bat ekoizteko ematen dituzten pausoak identifikatu eta aztertu nahi ditu. Behin hauek identifikatuta, pieza ezberdinen ekoizpenean beharko dituen baliabideak eta lan taldea identifikatu nahi ditu.

2. Erronka: Berrikuntza industrian

Soraluce Hermanos S.A. enpresa 1964an sortu zen familia enpresa da eta Azkoitian du bere egoitza. Bere jarduera, autogintza sektorera bideratzen du eta autoen ekoizpenerako kalitate maila altuko osagaiak ekoizten ditu.

Enpresak, mundu guztian zehar saltzen ditu ekoizten dituen osagaiak eta beraz lehiakide ugari ditu atzerrian. Gainera, azken urteetan antzeko produktuak ekoizten dituen enpresen kopurua nabarmen hazi da eta beraz, bezeroek antzeko osagaiak erosteko aukera ugari dute.

Arduradunak, egoera honen aurrean kezkatuta, ezinbestekoa ikusten du egiten dituzten osagaiak modu efizienteago batean ekoizteko berrikuntzak sartzea ekoizpen prozesuan eta uneoro hauen hobekuntzan aritzea. Berrikuntzaren bitartez, ekoizten dituzten osagaiak bezeroen nahietara egokitu eta lehiakideenak baino erakargarriagoak izatea lortu nahi du.

Hau posible izan dadin, Olatz Soraluce arduradunak enpresan berrikuntza ezberdinak sartzeko ekintza plana garatu nahi du. Honetarako, lehenik eta behin, produktu ezberdinak ekoizteko jarraitzen dituzten pausoak ezagutu nahi ditu.

3. Erronka: Ostatu baten sorrera

Miren eta Jokin, 28 eta 26 urteko eskualdeko bi gazte dira. Miren, Azkoitiarra da eta azken 4 urteak Zarautzeko ostatu txiki baten aritu da administraritza lanetan. Besteak beste bezeroen arretan nahiz erreserbak kudeatzen egin du lan eta zeregin ezberdinetan esperientzia handia bereganatu du.

Jokin, aldiz, Azpeitiarra da eta azken 3 urteetan Madrilen ospe handia duen hotel baten aritu da lanean. Marketing eta promozio ekintzen arduraduna izan da eta jakintza handia bereganatu du arlo honetan.

Gauzak honela, turismo arloan bereganatu duten jakintza eta esperientzian oinarrituta, Urola Erdian ostatu txiki bat irekitzeko aukera aztertzen hasi dira. Erabakia hartu baino lehen gaur egun eskualdean turismo jarduerak bizi duen egoera ezagutu eta ostatu bat irekitzeko eman behar dituzten pausoak ezagutu nahi dituzte.

Mirenek eta Jokinek azterketa burutu ahal izateko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentziak” enpresa berriei euren sorreran laguntzeko duten zerbitzura jo dute eta Ione Eizagirrerekin hitzordua itxi dute.

Bestalde, eskualdean, dagoeneko abian dauden ostatu ezberdinen esperientzia ezagutu nahi da. Honetarako, eskualdeko ostatu ezberdinak ezagutu nahiz hauen informazioa bildu nahi da.

4. Erronka: Pertsonen kudeaketa industrian

Zubiola S. Coop. Enpresa 1966an sortu zen eta Azkoitian du bere egoitza. Material ezberdinak mozteko tresnak ekoizten ditu enpresak eta batez ere, egurra, aeronautika eta autogintza sektorera bideratzen du bere jarduera. Gaur egun, 40 pertsona inguruk osatzen du bere lan taldea.

Bere sorreratik kalitate handiko produktuak ekoitzi ditu enpresak eta produktuen eskaintza zabala du gaur egun. Oro har, ekoizten dituen tresnen ekoizpena konplexua da eta ekoizpen prozesuan teknologia maila handiko makinaria erabiltzen da.

Etorkizunari begira, enpresak igurikapen onak ditu eta bere produktuen salmenta kopurua handitzea aurreikusten da. Gainera, salmenten zati handi bat atzerrian saltzea aurreikusten da.

Datozen urteetan espero diren salmentei aurre egin ahal izateko, enpresaren lan taldea indartu eta kide berriak sartzea beharrezko ikusi da. Gauzak honela, enpresa osatzen duten lan talde ezberdinak kide berriekin indartzeko beharra hauteman da.

Ondorioz, ezaugarri ezberdinak dituzten langile berriak behar ditu enpresak. Cruz Guridi arduradunak, dagokion lan taldeekin batera, hautagaiei eskatuko zaizkien gutxieneko ezagutzak eta gaitasunak identifikatzeari ekin dio. Besteak beste, hauek izan beharreko ikasketak, hizkuntzak eta gaitasunak identifikatzeari ekin dio.

Langileen hautaketa egokia izan dadin, hautagaiak aurkitu eta lan elkarrizketak deitu nahi ditu.

5. Erronka: Merkataritza txikia eskualdean

Mikel eta Ana senar-emazteek oinetako denda bat dute Azkoitian. Oinetako denda ezaguna da eskualdean bere oinetakoek duten kalitateagatik eta azken urteotan lan ugari egin dute oinetakoen salmentan. Gainera, dendaren irekieratik hona bizpahiru lanpostu berri sortu dira oinetako dendan.

Dena den, azken urteotan, oinetakoen salmenta nabarmen moteldu da. Egoera hau eragin duten faktoreen artean, eros ohituretan eman diren aldaketak aipa daitezke. Batetik, azalera handiko salmenta guneen presentzia eta bestetik berriz, internet bidezko salerosketan eman den hazkundea. Faktore hauek, eskualdeko merkataritza jardueran eta hainbat saltokiren itxieran nabarmen eragin dutela uste da.

Ondorioz, gaur egun dendaren egoera ekonomikoa ez da ona eta lanpostuak bermatzeko ezinbestekoa da salmentak suspertzea. Hau dela eta, senar-emazteek, oinetako dendaren jarduera ekonomikoa hobetu asmoz, eta salmentak suspertzeko ekintza plana landu nahi dute.

Honeterako, azken urteetan eman diren aldaketak ezagutu eta egun sektoreak bizi duen egoera gertutik ezagutzeko, “Azkoitiko Herrixen Merkatari Elkarteko” teknikari den Sara Rodriguez-ekin egin dute hitzordua.

6. Erronka: Eskualdeko osasun zentroa

Joseba, DBH3 ikasten ari den 16 urteko Azkoitiarra da. Datorren urtera begira, ikastetxean landuko dituen ikasgai zehatzak hautatu beharrean aurkitzen da eta ondorioz etorkizunean zein ogibidetan lan egin nahi duen pentsatzen hasi da.

Gaur egun, ikasgaien hautaketak zalantza ugari sortzen dizkion arren, eroso sentitzen da ingurukoei laguntzen eta beraz begiz jota du osasun sektorea. Gainera, bere izeba Maite medikua da Azkoitiko osasun zentroan eta oso gustuko du bere izebaren egitekoa. Goiz bat edo beste ere igaro du izebaren kontsultan bere zereginetan laguntzen.

Dena den, behin erabakia hartzeko unea iritsita, herriko osasun zentroaren inguruko informazio gutxiegi duela deritzo eta hau aztertzea erabaki du. Bere izebaren bitartez, Azkoitiko osasun zentroko Rosa Garciarekin jarri da harremanetan.

Besteak beste, herriko osasun zentroaren zeregin eta sail nagusiak ezagutzeaz gain, bertan dauden ogibide ezberdinak ezagutu nahi ditu. Bestalde, ogibide ezberdinetan lan egin ahal izateko beharrezko diren ikasketak eta gaitasunak aztertzeari ekin dio.

7. Erronka: Gizarte zerbitzuak

Mikel 18 urteko mutil azkoitiarra da eta dena ondo bidean datorren ekainean amaituko du ikasten ari den erdi mailako zikloa. Ikasle fina da eta txikitatik osasun arloko ogibideak gustuko izan dituenez osasun arloan lan egitearekin egiten du amets. Behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituta, “Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta” erdi mailako zikloa ikasteari ekin zion.

Oso gustuko du ingurukoei laguntzea eta horren adibide da etxean bizi duen aitonarekin duen harremana. Aitonak, duen adina tarteko, laguntza behar du egunez zein gauez eta udaleko zerbitzu sozialen sailak eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen erabiltzailea da.

Dena den, aitonak zenbait zaintza zerbitzu jaso arren, Mikelek gustoko du aitonari bere beharretan lagundu eta batez ere berekin kontu kontari aritzea. Aitonarentzat, babes handia da biloba bere egunerokoan.

Gauzak honela, bere ikasketak amaitzear dituen honetan, eskualdean, gizarte zerbitzuen arloan izan ditzaken lan aukera ezberdinak aztertzeari ekin dio. Azkoitiko udaletxera jo du gizarte zerbitzuetako Iñaki Lasa teknikariarengana, eskualdean herritarren arreta eta zaintzara bideratzen diren zerbitzu eta lanpostu ezberdinak ezagutzera.

8. Erronka: Lehen sektorea ezagutzen

Inazio eta Amaia, aita-alabak dira eta Azkoitian bizi dira euren baserrian. Inaziok 30 urte inguru daramatza bere baserrian lanean eta Amaiak aldiz, bere zaletasunei jarraituz, nekazaritza ikasketak amaitu berritan aitarekin batera baserrian lanean hastekotan da.

Aita-alabek barazki ezberdinak ekoizten dituzten bi baratza handi dituzte eta euren jarduera batez ere tomatea eta piperraren ekoizpenera zuzentzen dute. Inazio eta Amaiak ekoizten duten tomate kopuruaren zati handi bat hipermerkatu kateetan saltzen dute. Hipermerkatu kateak arduratzen dira tomatea baserrian jaso eta ondoren dituzten salmenta guneetan hauek kokatu eta saltzeaz. Aldiz, ekoizpenaren beste zati bat eskualdeko azoka ezberdinetan saltzen saiatzen dira.

Nahiz eta biek euren ogibidea oso gustuko duten, urtez-urte ustiategiaren egoera ekonomikoa nabarmen zaildu da eta kostuei aurre egiteko arazoak dituzte. Batetik, tomatea ekoizteko behar diren lehengaien prezioen garestitzea eta bestetik berriz, hipermerkatuek tomatearen prezioa jaisteko egindako presioa dela eta nabarmen jaitsi dira aita-alaben irabaziak. Era berean, azken urteetan kontsumitzaileen eros ohiturak aldatzen joan dira eta eskualdeko azoketara ez da hainbeste herritar hurbiltzen.

Egoera honen aurrean, aita-alabek, gaur egungo egoera aztertu eta diru sarrerak handitzeko moduak aztertzen hasi dira. Eskualdean baserritarrei aholkularitza eskaintzen dien “Urkome Landa Garapen Elkarteko” Yurre Peñagarikanorekin hitzordua itxi dute aita alabek.

9. Erronka: Langabezia eta lan munduratzea

Janire 30 urte dituen neska Azkoitiarra da eta gaur egun bi alaba txikiren guraso da. Orain bi urte, azken urteotan altzarigintza sektorean eman den beherakada dela eta, lan egiten zuen altzari enpresa itxi ondoren langabezian gelditu zen eta gaurdaino ez du lan finkorik aurkitu.

Janire, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. maila gainditu ostean, 16 urterekin hasi zen altzari enpresan lanean eta gaurdaino ez du beste prestakuntzarik jaso. Azken urteetan, altzarien ekoizpen arloan egin du lan eta bere egiteko nagusia hauei barniza ematea izan da.

Azken hilabeteetan lana topatzen gogo handiz saiatu da eta hainbat lan elkarrizketa egin dituen arren, ez du lan finkorik aurkitu. Epealdi motzeko hainbat lanpostutan egin du lan, batez ere ostalaritzan.

Ondorioz, eskualdeko langabezia aztertzeari ekin dio. Batetik, Sexua, adina nahiz ikasketa maila moduko faktoreek langabezian duten eragina aztertu nahi ditu. Bestetik berriz, lanpostu bat lortzeko egin ditzazken pausoak ezagutu nahi ditu. Informazio hau eskuratzeko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentzian” lan egiten duen Sandra Fernandez enplegu teknikariarekin itxi du hitzordua.