Ikasberri ikastola

Erronkak / Ikasberri ikastola

1. Erronka: Salmenta lanak industrian

Mecanizados Gurrutxaga S.L. enpresa orain 16 urte sortu zen familia enpresa da eta Azpeitian du bere egoitza. Gaur egun 10 pertsonak egiten dute bertan lan eta Aitor Gurrutxaga da enpresaren zuzendaritzaz arduratzen den persona.

Enpresak, bere bezeroek eskatutako neurri eta tamainako piezak ekoizten ditu. Ondoren, hauek, hainbat sektoretan erabiltzen dira, besteak beste, makina-herramienta edota haize energia arloan. Pieza mota ezberdinak ekoitzi ahal izateko, makineria konplexua du bere egoitzan.

Egun, eskualdeko enpresa handienen hornitzaileak dira eta eskualdetik kanpo nahiz atzerrian hainbat bezero ditu. Antzeko piezak ekoizten dituen enpresa ugari dago inguruan eta beraz bezero berriak lortzeko lehia gero eta handiagoa da lehiakideen artean.

Lehia honen ondorioz, azken urteetan salmenta kopurua zertxobait moteldu da eta honek Aitor kezkatzen du. Datozen urteetan salmenta kopurua handitzeko asmoz, eskualdean bertan nahiz atzerrian bezero berriak aurkitu nahi ditu eta honetarako ekintza plana osatu nahi du.

2. Erronka: Produktuen berrikuntza industrian

Lan Mobel S.Coop., eskualdean etxebizitzetarako altzariak ekoizten dituen enpresa da eta Azpeitian du bere egoitza nagusia. 1957an sortu zen enpresa eta gaur egun gutxi gora behera 100 langile inguruk osatzen du lan taldea. Sortu zen unetik arrakasta handiko hainbat altzari eredu ekoitzi ditu eta ospe ona du bere bezeroen artean.

Dena den, azken urteetan salmentak nabarmen moteldu dira eta bi dira ustezko arrazoiak. Batetik, antzeko altzariak ekoizten dituzten lehiakideen kopurua nabarmen handitu da eta beraz, erosleak aukera zabalagoa du altzariak erosteko. Bestetik berriz, krisi ekonomikoak salmenta kopuruan eragin nabarmena izan duela uste da.

Arduradunak, egoera honen aurrean kezkatuta, produktuan berrikuntzak egitea beharrezkoa dela uste da. Berrikuntzaren bitartez, altzariak gaur egun bezeroak dituen behar eta nahietara egokitu eta lehiakideenak baino erakargarriagoak izango diren altzariak sortu nahi dira.

Hau posible izan dadin, Kontxi Azpiazu arduradunak ekintza plan zehatza garatu nahi du bere lan taldearekin. Besteak beste, altzarietan zein berrikuntza egin aztertu nahi da eta hauek aurrera eramateko behar dituzten gaitasun eta abileziak aztertu nahi dituzte.

3. Erronka: Enpresa berrien sorrera

Miren eta Jokin, 28 eta 26 urteko Eskualdeko bi gazte dira. Miren, Azkoitiarra da eta azken 4 urteak Zarautzeko ostatu txiki baten aritu da administraritza lanetan. Besteak beste bezeroen arretan nahiz erreserbak kudeatzen egin du lan eta zeregin ezberdinetan esperientzia handia bereganatu du.

Jokin, aldiz, Azpeitiarra da eta azken 3 urteetan Madrilen ospe handia duen hotel baten aritu da lanean. Marketing eta promozio ekintzen arduraduna izan da eta jakintza handia bereganatu du arlo honetan.

Gauzak honela, turismo arloan bereganatu duten jakintza eta esperientzian oinarrituta, Urola Erdian ostatu txiki bat irekitzeko aukera aztertzen hasi dira. Erabakia hartu baino lehen bi gaur egun eskualdeko turismoak bizi duen egoera ezagutu eta ostatu bat irekitzeko eman behar dituzten pausuak ezagutu nahi dituzte.

Mirenek eta Jokinek azterketa burutu ahal izateko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentziak” enpresa berriei euren sorreran laguntzeko duten zerbitzura jo dute eta Alazne Larrañagarekin hitzordua itxi dute.

Bestalde, eskualdean antzeko negozioak dituzten pertsonen esperientzia eta bizipenak ezagutu nahi dituzte.

4. Erronka: Hautaketa prozesua industrian

1961ean eskualdeko hainbat enpresariren eskutik sortu zen Sammic, eta orduz geroztik ostalaritzarako etxetresnen ekoizpenean dihardu lanean. Bere sorreratik kalitate handiko gailuak ekoitzi ditu eta ospe ona du bere bezeroen artean. Gaur egun, Azkoitian du bere egoitza nagusia eta 150 langile inguruk osatzen du lan taldea.

Etorkizunari begira, enpresak igurikapen onak ditu eta bere produktuen salmenta kopurua handitzea aurreikusten da. Izan ere, enpresak teknologia maila handiko produktu berri bat ekoizteko asmoa du datozen urteetan. Gainera, produktu berri hau atzerrian asko saltzea aurreikusten da.

Dena den, produktu berriak goi mailako teknologia du eta bere ekoizpena ere oso konplexua da. Izan ere, produktu berri honen ekoizpenean beharrezkoa da konplexutasun handiko makinarien erabilera. Bestalde, produktu berri hau gehienbat atzerrian saltzea espero da eta beraz, salmenta arduradunek atzerrira bidaia asko egin beharra aurreikusten da.

Ondorioz, produktu berri hau ekoitzi ahal izateko, dagoeneko dituen langileez gain, langile berri gehiago behar ditu enpresak eta hauek hautatzeko lan elkarrizketak deitu nahi ditu Patxi Landa arduradunak.

Langileen hautaketa egokia izan dadin, hautagaiei eskatuko zaizkien gutxieneko ezagutzak identifikatu nahi ditu. Besteak beste, hauek izan beharreko ikasketak, hizkuntzak nahiz abileziak identifikatzeari ekin dio.

5. Erronka: Merkataritza txikia eskualdean

Mikel eta Ana senar-emazteek oinetako denda bat dute Azpeitian. Oinetako denda ezaguna da eskualdean bere oinetakoek duten kalitateagatik eta azken urteotan lan ugari egin dute oinetakoen salmentan. Gainera, salmenten bilakaera positiboari esker, dendaren irekieratik hona bizpahiru lanpostu berri sortu dituzte. Dena den, azkenaldian dendaren jarduera nabarmen moteldu da eta eurekin lanean ari zen pertsona bat kaleratu beharra izan dute dendako kostuei aurre egin ezinik.

Azken urteotan, egoera ekonomikoan emandako gorabeherek salmentetan eragin zuzena izan duten arren, badira salmenten moteltzean eragin duten beste zenbait faktore. Besteak beste, azalera handiko salmenta guneak edota internet bidezko salerosketak. Faktore hauek, eskualdeko merkataritza jardueran eta hainbat saltokiren itxieran nabarmen eragin dutela uste da.

Ondorioz, gaur egun dendaren egoera ekonomikoa ez da ona eta lanpostuak bermatzeko ezinbestekoa da salmentak suspertzea. Hau dela eta, senar-emazteek, oinetako dendaren jarduera ekonomikoa hobetu asmoz gaur egun merkataritzak duen egoera ezagutu eta salmentak suspertzeko ekintza plana zehaztu nahi dute.

Eskualdeko merkataritzak egun bizi duen egoera gertutik ezagutzeko, “Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko” teknikari den Xabier Aldalurrekin egin dute hitzordua.

6. Erronka: Eskualdeko osasun zentroa

Joseba, DBH3 ikasten ari den 16 urteko Azpeitiarra da. Datorren urtera begira, ikastetxean landuko dituen ikasgai zehatzak hautatu beharrean aurkitzen da eta ondorioz etorkizunean zein ogibidetan lan egin nahi duen pentsatzen hasi da.

Gaur egun, ikasgaien hautaketak zalantza ugari sortzen dizkion arren, eroso sentitzen da ingurukoei laguntzen eta beraz begiz jota du osasun sektorea. Gainera, bere izeba Maite medikua da Azpeitiko osasun zentroan eta oso gustuko du bere izebaren egitekoa. Goiz bat edo beste ere igaro du izebaren kontsultan bere zereginetan laguntzen.

Dena den, behin erabakia hartzeko unea iritsita, herriko osasun zentroaren inguruko informazio gutxiegi duela deritzo eta hau aztertzea erabaki du. Bere izebaren bitartez, herriko osasun zentroarekin harremanetan jarri da.

Besteak beste, herriko osasun zentroaren zeregin eta sail nagusiak ezagutzeaz gain, bertan dauden ogibide ezberdinak ezagutu nahi ditu. Bestalde, ogibide ezberdinetan lan egin ahal izateko beharrezko diren ikasketak eta gaitasunak aztertzeari ekin dio.

7. Erronka: Hirugarren adineko osasun zerbitzuak

Mikel 18 urteko mutil azpeitiarra da eta dena ondo bidean datorren ekainan amaituko du ikasten ari den erdi mailako zikloa. Ikasle fina da eta txikitatik osasun arloko ogibideak gustuko izan dituenez osasun arloan lan egitearekin egiten du amets. Behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituta, “Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta” erdi mailako zikloa ikasteari ekin zion.

Oso gustuko du ingurukoei laguntzea eta horren adibide da etxean bizi duen aitonarekin duen harremana. Aitonak, duen adina tarteko, laguntza behar du egunez zein gauez eta udaleko zerbitzu sozialen sailak eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen erabiltzailea da.

Dena den, aitonak zenbait zaintza zerbitzu jaso arren, Mikelek gustoko du aitonari bere beharretan lagundu eta batez ere berekin kontu kontari aritzea. Aitonarentzat, babes handia da biloba bere egunerokoan.

Gauzak honela, bere ikasketak amaitzear dituen honetan, eskualdean izan ditzaken lan aukera ezberdinak aztertzeari ekin dio. Eskualdean hirugarren adineko herritarrei zerbitzuak eskaintzen dizkion “Mugat” elkartera jo du eta bertako arduraduna den Oihane Arzelusekin hitzordua eskatu du.

8. Erronka: Lehen sektorea ezagutzen

Inazio eta Amaia, aita-alabak dira eta Errezilen bizi dira euren baserrian. Inaziok 30 urte inguru daramatza bere baserrian lanean eta Amaiak aldiz, bere zaletasunei jarraituz, nekazaritza ikasketak amaitu berritan aitarekin batera baserrian lanean hastekotan da.

Aita-alabek baserrian 100 behi inguru dituzte eta nahiz eta baduten baratza txiki bat, batez ere esne produkziora zuzentzen dute beren jarduera. Inazio eta Amaiak ekoizten duten esnea “Iparlat” bitartekariari saltzen diete. “Iparlat” enpresa, baserriz baserri esnea jasotzeaz arduratzen da ondoren jasotako esne guzti hori “Kaiku” esneki enpresari saltzeko. “Kaiku” enpresak aldiz, “Iparlat” bitartekariaren bitartez inguruko baserrietatik jasotako esnea biltegiratu eta esnekiak ekoizteaz arduratzen da. Behin esnekiak ekoitzita, supermerkatuetan saltzen ditu bere produktuak.

Nahiz eta biek euren ogibidea oso gustuko duten, urtez-urte ustiategiaren bideragarritasuna nabarmen zaildu da eta kostuei aurre egiteko arazoak dituzte. Batetik, behien elikadurako lehengaien prezioen garestitzea eta bestetik, esneki enpresek esne litroaren prezioa jaisteko eragindako presioa dela eta nabarmen jaitsi dira aita-alaben irabaziak.

Egoera honen aurrean, aita-alabek, gaur egungo egoera aztertu eta diru sarrerak handitzeko moduak aztertzen hasi dira. Eskualdean baserritarrei aholkularitza eskaintzen dien “Urkome Landa Garapen Elkarteko” Yurre Peñagarikanorekin hitzordua itxi dute aita alabek.

9. Erronka: Langabezia eta lan munduratzea

Janire 30 urte dituen neska Azpeitiarra da eta gaur egun bi alaba txikiren guraso da. Orain bi urte, azken urteotan altzarigintza sektorean eman den beherakada dela eta, lan egiten zuen altzari enpresa itxi ondoren langabezian gelditu zen eta gaurdaino ez du lanik aurkitu.

Azken hilabeteetan lana topatzen gogo handiz saiatu eta hainbat lan elkarrizketa egin dituen arren, epe motzeko lanpostuak bakarrik lortu ditu.

Janire, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. maila gainditu ostean, 16 urterekin hasi zen altzari enpresan lanean eta gaurdaino ez du beste prestakuntzarik jaso. Azken urteetan, altzarien ekoizpen arloan egin du lan eta bere egiteko nagusia hauei barniza ematea izan da.

Ondorioz, eskualdeko langabezia aztertzeari ekin dio. Batetik, Sexua, adina nahiz ikasketa maila moduko faktoreek langabezian duten eragina aztertu nahi ditu. Bestetik berriz, lanpostu bat lortzeko egin ditzazken ekintzak identifikatu nahi ditu. Informazio hau eskuratzeko, “Iraurgi Berritzen eskualdeko Garapen eta Berrikuntza Agentzian” lan egiten duen Maialen Ituarte enplegu teknikariarekin itxi du hitzordua.