Abian da Elkarrekin Eraikitzen proiektua 6. urtez jarraian. Abenduaren 18an ikastetxe ezberdinetako irakasle ezberdinekin egin zen lan bilerarekin eman zitzaion hasiera. Bertan, 2018/19 ikasturtean zehar aplikatuko diren lan ildo nagusiak adostu ziren, besteak beste, ikasleek prozesuaren garapenean zehar eman beharreko pausoak.

Datozen asteetan, sentsibilizazio saioen bitartez, eskualdeko ikastetxeak proiektua ikasleekin lantzen hastea aurreikusten da. Oro har, ikasleek erronkak otsaila eta maiatza bitartean landuko dituzte eta ikasturtearen amaieran ekitaldi txiki batekin emango zaio amaiera.

Prozesuan zehar, eskualdeko 5 ikastetxe eta 200 ikasle inguruk parte hartzea aurreikusten da. Era berean, eskualdeko 40 eragile baino gehiagok hartuko du parte ikasleen bisita eta elkarrizketa bidez.

Proiektuaren helburuei dagokionean, hastapenetan identifikatu ziren berberak izango dira. Lehenik eta behin, ikasleei eskualdeko errealitate sozioekonomikoa hurbiltzea du helburu eta honetarako, eskualdeko hainbat eragileren egunerokotasuna ezagutzeko aukerak eskaini nahi du proiektuak. Bestalde, irakaskuntza metodologia berritzaileen bitartez, ikasleek ohiko irakaskuntzarekin landu ezin diren gaitasun eta balioak sustatzea lortu nahi da. Besteak beste, aztertu behar dituzten erronken bitartez, IKTen erabilera, komunikazioa, sormena, autonomia, iniziatiba edota taldean lan egiteko gaitasunak praktikan jarri eta lantzea lortu nahi da.