Amaitu  da  Elkarrekin  Eraikitzen  2016/17

Amaitu da Elkarrekin Eraikitzen 2016/17

Elkarrekin Eraikitzen 2016-17 proiektuaren amaierako ekitaldia ospatu zen Ekainak 15, osteguna, Azpeitiko udaletxean. Ekitaldia 10:00etatik 12.00etara izan zen, eta eskualdeko ikastetxe, udal nahiz eragileen ordezkariak izan ziren bertan.

Aurtengo ekitaldian eskualdeko lau ikastetxek (Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Xabier Munibe Azkoitiko Ikastolak) hartu dute parte. Proiektuaren koordinatzaile lanetan, berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia- aritu da.

Jardunaldiari eskualdeko udal ordezkarien agurrarekin ekin zitzaion. Agurra egiteaz, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea arduratu ziren. Heuren hitzetan, “gazteek errealitatea ezagutzeko modu bat da” Elkarrekin Eraikitzen proiektua. Jarraian aurtengo edizioaren ebaluazio eta parte-hartze datuak aurkeztu ziren. Aurtengo edizioan, 10 erronka landu dira, eta 12 irakaslek, 150 baino ikasle gehiago eta 40 eragilek hartu dute parte. Ondoren, ikastetxe parte-hartzaileetako ikasleek, proiektuan zehar bizitako esperientziak nahiz egindako hausnarketak aurkeztu zituzten jendartean.

Ekitaldia mahainguru labur batekin amaitu zen eta bertan ikasleek ikastetxeetatik irtetea asko eskertu dutela aipatu zuten. Elkarrekin Eraikitzen proiektuarekin enpresetako arduradunekin harremanetan jarrita, enpresetara zein ospitaleetara joanda eta jende ezberdina elkarrizketatuta, errealitateko gauza ugari ikasi dituztela azpimarratu zuten mahaikideek. Bestalde, balioan jarri zuten eskualdean elkarrekin lanean jardutearen garrantzia, eta etorkizunean behar-beharrezkoa izango dela azpimarratu zuten.

Amaitu da beraz Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren 4. edizioa. Datorren ikasturtean berrikuntza ugarirekin etorriko da proiektua!

 

 

 

Azken  fasean  sartu  da  Elkarrekin  Eraikitzen  2016/17

Azken fasean sartu da Elkarrekin Eraikitzen 2016/17

Azken fasean sartu da Elkarrekin Eraikitzen 2016/17 proiektua. Aurten, eskualdeko 4 ikastetxe eta 200 ikasletik gora hartu dute parte proiektuan. Proiektuan parte hartu duten eragileei dagokionean, 40 eragiletik gora zenbatu dira.

Ekainak 2 ostirala. ikastetxe ezberdinetako irakasle ezberdinak bildu eta ikasturtearen ebaluazioa egin da. Oro har, egin den ebaluazioa positiboa izan da eta proiektuak datorren urtean ere jarraipena izango du. Datorren ikasturtera begira hobekuntza lerro ezberdinak identifikatu dira eta hauek landuko dira elkarlanean.

Bestalde, ikasleek eskualdeko eragile ezberdinei egindako bisitak begi onez ebaluatu dira. Ikasleek bisita eta elkarrizketetan jasotako esperientzia eta bizipenak proiektuaren garapenerako duten garrantzia azpimarratu da.

Amaitzeko, ekainak 15 ostegunean Azpeitiko udaletxean ospatuko den ekitaldiarekin emango zaio amaiera proiektuari. Bertan, ikastetxe ezberdinetako ikasleek hartuko dute parte.