Abian  da  Elkarrekin  Eraikitzen  2016/17!

Abian da Elkarrekin Eraikitzen 2016/17!

 

DSC_0532

 

Eman zaio hasiera Elkarrekin Eraikitzen 2016/17 proiektuari eta aurten ere eskualdeko 5 ikastetxe eta 250 ikasle inguruk parte hartzea espero da. Bestalde, proiektuaren harira ikasleek egingo dituzten bisita eta elkarrizketetan eskualdeko 40 eragile baino gehiagoren parte-hartzea aurreikusten da.

Joan zen Abenduan eta Urtarrilean irakasleekin egin ziren lan saioekin eman zaio hasiera proiektuari. Lan saio hauetan, proiektuaren nondik norakoak zehazteaz gain, “Lan Taldeen Gidaritza” deituriko mintegia ospatu zen. Mintegian, lan taldeen gidaritzako oinarri teorikoak nahiz proiektuan zehar sortu daitezken egoera ezberdinak landu ziren.

Proiektuaren helburuei dagokionean, orain 4 ikasturte finkatu ziren berberak izaten jarraitzen dute. Batetik, irakasleei irakaskuntza metodologia berritzaileak aplikatzeko aukera eskaini nahi die. Bestetik, irakaskuntza metodologia berritzailei esker, ikasleengan, ohiko irakaskuntzarekin landu ezin diren gaitasun eta balioak sustatzea lortu nahi da; besteak beste, sormena, IKTen erabilera, komunikazioa, autonomia, iniziatiba edota taldean lan egiteko gaitasunak. Azkenik, ikasleek landuko dituzten egoera errealen bitartez, horiek eskualdearen egoera sozioekonomikoaren berri izatea lortu nahi da.

Aipatutako helburuak bete ahal izateko, jarraian aurkezten den irudiak laburbiltzen duen ibilbidea diseinatu da ikasleentzat. Ibilbidean zehar, aurkezten zaizkien egoera errealak ebazteko eskualdeko eragile ezberdinak bisitatu eta elkarrizketatu beharko dituzte.

EE_Kronograma

Amaitzeko, iaz parte-hartzaile guztiekin egindako ebaluazioa oinarri hartuta, hainbat berrikuntza dakartza aurten proiektuak. Berrikuntzen artean, irakasleen gida osatzea, web orriaren berrikuntza edota erronka berrien prestaketa azpimarratu daitezke. Hobekuntzekin, irakasleei proiektuaren exekuzioa erraztu eta ikasleei erakargarriagoa egitea lortu nahi izan da.

Abian da beraz, 4. Ikasturtez jarraian, Elkarrekin Eraikitzen 2016/17!